Política de cookies Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar la experiencia de navegación, y ofrecer contenidos y publicidad de interés. Al continuar con la navegación entendemos que se acepta nuestra Política de cookies.Política de Cookies..

Lasterketa bat baino askoz gehiago

Datorren martxoaren 4an, Lilatoiaren beste edizio bat egingo da Donostian. Hitzordu horren jiran biltzen dira urtero milaka emakume korrikalari, 5 kilometroko ibilbidean marea arrosa bat osatu eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldarri egiteko. Aurten, gizarte parekidearen premia dugula argi eta ozen adierazteaz gain, Lilatoiak laguntza bat emango dio Begisare elkarteari, erretinosi pigmentarioak kaltetutako pertsonen bizi-kalitatea hobetzen egindako lanarengatik. Horretarako, Lilatoian egiten den inskripzioko euro bat bideratuko da Bidesarera.

Duela aste batzuk jakin genuen Zubimusu ikastolan Lilatoian parte hartzeko talde bat osatzen ari zela, eta Mahi-Mahi by Askorakoek partaideen inskripzioa ordaintzea hitzeman genuen. Hala, ikastolako 36 kide Donostiako kaleetan lasterka ariko dira datorren martxoaren 4an.

Ez hori bakarrik; izan ere, primerakoa iruditu zitzaigun Begisarerekin harremanetan jartzea, eta elkartekoek ikasleei erretinosi pigmentarioa azal ziezaietela. Pozarren gaude jasotako erantzunarekin!

Joan den otsailaren 16an, ostirala, Zubimusu ikastolara bertaratu ziren, eta ikasleek, gaixotasunaren eta sendabidea lortu ahal izateko ikerketak duen garrantziaren berri jasotzeaz gain, gaixotasuna lehen pertsonan «bizi» ahal izan zuten erretinosi pigmetarioaren simulatzailearen eta errealitate birtualeko betaurrekoen bitartez, Tengo Baja Visión VR aplikazioa erabilita. Ikasleek gymkhana batean hartu zuten parte; ariketa sorta bati egin behar izan zioten aurre, eta gaixotasunak kaltetutako pertsona batek egunero gainditu behar dituen zailtasunez jabetu ahal izan ziren.

Lerroon bitartez eskerrak eman nahi dizkiogu Begisareri egunero egiten duen lanarengatik eta gertutik ezagutzen ez dugun errealitate hori erakusteko izandako eskuzabaltasunarengatik; orain, askoz hobeto ezagutzen dugu.

Mahi-Mahi by Askoran oso pozik gaude horrelako ekintzetan parte hartzeagatik, Lilatoia, ez egin zalantzarik, lasterketa bat baino askoz gehiago da eta.

Aupa, neskak!

Bitakorara itzuli